Bizitegi duela 44 urte hasi zen Bilbon eta Bizkaian gizartetik baztertuta dauden pertsonei laguntzeko lan egiten, eta, harrezkero, etengabe aritu da eginkizun horretan.
Bizitegi 1980. urtean sortu zen Bilboko Otxarkoaga auzoan. Garai hartan, boluntario batzuk, kaputxinoen anaidi batek bultzatuta, drogazaletasun, pobrezia edo osasun arazoak zirela-eta gizartetik baztertuta zeuden pertsonei laguntzeko lanean hasi ziren. Bizitegiren helburua pertsonei laguntzea izan da beti, eta, horretarako, gizarteratzeko prozesuak erraztu ditu, eta pertsonak bizi diren ingurunean edo hurbileneko komunitatean garatu daitezen lagundu du.
Bizitegik lan egiten duen auzoetan (Otxarkoaga, Uribarri, Rekalde eta Peñaskal) komunitateko lana egitea eta elkarte- eta gizarte-sarea sendotzea funtsezkoak izan dira elkartearen historia osoan; izan ere, pertsonak komunitatean gizarteratzeko, beharrezkoa da pertsona horiek bizi diren inguruneak sendotu eta sustatzea.
Hirurogeita hamarreko hamarkadarako, jada amaituak zirenurte onak Otxarkoaga auzoarentzat. Langabezia izugarri haztearekin batera, bestelako arazo batzuk ere hedatu ziren, hala nola alkohola, buruko gaixotasunak eta droga.
Kaputxinoak auzora iritsi berriak ziren orduan, eta, beste pertsona batzuekin batera, guztia eman zuten persona eta familia xumeei laguntzeko; ordura arte bizimodu normalizatua izandako familiak ziren, baina ez zuten nahikoa baliabide erronka berri horiei aurre egiteko. 1980ko irailetik aurrera, garai hartan 52. blokea zena (gaur egun, Langaran 5), beharrizanak zituzten pertsonak artatzeko etxe bihurtu zen: haiei entzuteko, familia-gatazketan bitartekaritza egiteko, arazo psikiatrikoak zituztenei laguntzeko, eta beste zerbitzu batzuk emateko, hala nola jangela soziala eta gaueko premiazko ostatua. Horrela, Bizitegi sortu zen… oraindik inor horretaz jabetu ez bazen ere.
Urte haietan, elkartasuna jarrera naturala zen, eta ez zuen instituzionalizazio handirik behar. Erakundeak baino gehiago, pertsona jakin batzuk ginen, eta ez zitzaigun gehiegi axola zer erakunderen bidez ekiten genion. Gaur, historia hori parametro berrien bidez berreraikita, gizarte-mugimendu sortu berri hartan parte hartu zuten erakundeak identifika ditzakegu: besteak beste, Caritas eta Izarra Etxea.
“1988” urtera arte, ez genuen ikusi egiten ari ginen lana jasotzeko eta sustatzeko erakunde bat sortzeko beharrik. Horretarako abagunea buruko gaixotasun bat zuen persona baten ekintza solidarioaren bidez iritsi zen: izan ere, bere etxearen ateak beharrizanak zituzten beste persona batzuei zabaldu zizkien. Urte batzuetan, Bizitegi errealitate xumea eta txikia izan zen, Otxarkoaga auzora mugatua; baina agerian jarri zen hazkunde handia izango zuela… oraindik inor horretaz jabetu ez bazen ere.
1992tik aurrera, Bizitegik hazkunde handia izan zuen eta Bilboko beste auzo batzuetara hedatu zen, zenbait funtsezko faktoreren ondorioz: bazterketa-egoeran zeuden veste pertsona batzuek beren etxebizitzak besteren zerbitzuan jarri izana; boluntario ugariren elkartasuna: dena eman zuten, eta batzuk drogazaleekin batera bizi izan ziren, soldatarik jaso gabe, eta etxebizitza ordaintzeko ekarpenak eginez, gainerakoek bezala; politikari batzuen babesa: erakundeek oraindik arlo horretan duten erantzukizunaren kontzientzia handirik ez bazuten ere, jabetu ziren ezin zutela ezer egin gabe jarraitu; eta profesionalen parte-hartzea, haien ekarpenak oso baliotsuak izan baitziren bazterketa egoeran zeuden pertsonekin eta buruko gaixotasunak zein mendetasunak zituztenekin esku hartzeko. Faktore horiek guztiak gaur egun erakundea denaren adierazle dira.
Egun, Bizitegi errealitate sendoa da, sinergia askoren emaitza, eta gizarteko esku hartzearen bidez hirugarren sektorearen historiaren parte izan dena. 44 urte hauetan zehar, beste erakunde batzuekin batera, hainbat zereginetan lagundu dugu: bazterketa-egoeran dauden pertsonak, drogazaleak eta buruko gaixotasunak dituztenak gizarteratzeko zerbitzuak sortzen; herritar solidarioak errealitate horietara hurbil daitezen sustatzen; erakunde publikoek hartutako konpromisoak aurrera eramaten; eta hirugarren sektoreko lan-jarduera profesionalizatzen eta arautzen.