Blog desde Bilbao
/ Gaurkotasuna / By Bizitegi / Leave a commentKaixo, Buenos Dias, Hola, somos Jonas y Emil y somos el segundo año de los voluntarios de Fee en Bilbao. Trabajamos para la organización Bizitegi...
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Alboan, Aletu, Amnesty International, Bizitegi, Fekoor, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeek honako jardunaldi hau antolatu dute: “ATERA ETXETIK ZURE ESPIRITU KRITIKOA: ORAIN INOIZ BAINO GEHIAGO, GIZA ESKUBIDEAK”. Abenduaren 10ean izango da, 18:30etan, eta oso-osorik jarraitu ahalko da streaming bidez: www.bizitegi.org/zuzenean
Jardunaldirako bi mahai-inguru antolatu dira, eta elkarrekin lan egiten urteak daramatzagun zazpi erakundeok hartuko dugu parte, besteak beste honako hauek ebaluatzeko: giza eskubideei begira urte hau nolakoa izan den, pandemiak lan egiten dugun kolektiboetan izan duen eragina, izandako eragin politikoa… Eta hori guztia beste jarduera hauekin konbinatuta: performancea, txalaparta, Francis (Doctor Deseo) eta Sudurkeriak Sorkuntza Taldea.
Alboan, Aletu, Amnistia Internacional, Bizitegi, Fekoor, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak urteak daramatzagu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala ospatzen, baita hura betetzeko konpromisoa pizteko deia egiten ere. 1948ko abenduaren 10ean ezarri zenetik denbora igaro den arren, edukia bete gabe dago oraindik, eta batzuetan larriki urratzen da. Adierazpenaren oinarrian zegoen gizaki guztiei pertsonak izateko aukera bermatuko zien gizarte bat eraikitzea, euren bizitzarekin lotutako erabakiak libreki hartzeko eta etorkizuneko proiektua aurrera eramateko. Horretarako adierazten dira eskubideak, helburu hori betetzea ezin delako utzi gobernu edo pertsona baten borondate askearen esku. Gizaki bakoitzak berekin duen eskubidea da, erreklamatu eta egi bihurtu behar dena.
Pertsona bakoitzaren duintasuna lortzea ezin da izan abentura isolatua. Guztiaren gainetik, gizartearen konpromisoa eta erantzukizuna da, ahalegin kolektiboa. Giza eskubideen irakurketa indibiduala egiteak erantzukizun kolektiboa ukatzea dakar. Giza eskubideak guztion lana direlako uste osoarekin soilik egikaritu ahal dira. Hau dio 1. artikuluak: “Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute”. Senidetasuna bidezko gizartea eraikitzeko erreferentzia delako uste osoa da giza eskubideen sustraia.
Senidetasun hori planeta osoan hedatu behar da. Ezezaguna eta handia iruditu ahal zaigu, baina ulertu behar dugu mundu handi hori soilik mundu txikien bidez existitzen dela. Mundua ez da berdina izango gure mundu txikia aldatzen bada, eta gure mundu txikia aldatzen hasten da gure jarrerak aldatzen direnean. Gero eta anaikorragoak izan gure ingurune txikian, orduan eta anaikorragoa bihurtzen dugu gure tokiko gizartea, eta horrela bestelako mundu bat eraikitzen dugu.
Giza eskubideen aldeko borroka bidegabeko giza sufrimenduaren erantzule diren gizarte-egituren aldaketaren aldeko borroka ere bada. Herritartasun kritikoa garatu behar dugu, eta erakundeei exijitu behar zaie beharrezko aldaketak egin ditzatela senidetasun hori jarrera indibidual soilean ez gelditzeko, baizik eta orain babesik gabe dauden pertsonak atzean ez uzteko politika publiko bihurtzeko.
Urteurrenak konnotazio berezia du 2020an, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren aurrean; izan ere, agerian jarri du beste krisi bat: pertsonen zainketekiko konpromisoa eta hura betetzeko gizarte-erantzukizuna. Berriro ere, osasun- eta gizarte-arloan ahulenak diren pertsonek pairatu dituzte bereziki krisiaren eraginak. Pandemiak agerian jarri ditu sistemaren mugak eta kontraesanak, eta gizarte-kohesioa are ahulagoa dela eta pertsona ahulenak abandonatu eta diskriminatzen direla ikusi da.
Agian, gure garaia eta giza eskubideen ahultasuna gehien markatzen dutenak desberdinkeriak dira, azken hamarkadetan dimentsio kezkagarriak hartu dituztenak. Desberdinkeriak bazterkeriaren hasiera dira, baztertzeko modu berriena. Bazterkeria ukatzea gizakiak definitzeko modu baten hasiera da. Giza komunitate bat sortzea espazioak irekitzea eta aukerak eskaintzea da, etorkizuna elkarrekin lotutako eta elkarren mendeko ekarpen anitzen emaitza izan dadin.
COVID-19aren pandemiaren ondorioek ahaleginak areagotzera behartzen gaituzte, mundu bidezko eta inklusiboago bat sortzeko. Horrek pertsonen bizitzak arriskuan jartzen dituzten mehatxuei eta desberdinkeriak handitzea dakarten proposamenei aurre egitea dakar. Etorkizun erresiliente eta jasangarria eraikitzeko, ekin egin behar dugu, maila pertsonaletik mundu-mailara arte. Diskurtso berri eta itxaropentsu bat behar dugu, gai izango dena erronka berriei erantzuteko eta ilusioa eta itxaropena eskaintzeko, pertsonak gehiagok bat egin dezaten mundu bidezkoagoaren aldeko borrokan. Giza komunitate eta gizarte moduan zein balio eta bertute zaindu, babestu, garatu eta sortu behar ditugun erabakitzeko ordua da. Giza eskubideak erreferentzia bat dira egiteko hori aurrera eramateko.
Ez dago itxaropen hori gabe bizi daitekeen gizarterik, ezta fantasia, itxaropen edo ilusiorik gabe bizi daitekeen pertsonarik ere. Horregatik, dei egiten dizuegu datorren abenduaren 10ean adierazpena gogoratzeko eta gure ahotsa zabaltzeko, bizitza babesten duen arma hitza delako uste osoarekin. Ezin gara isildu. Ez gara isildu behar. Ahotsik gabe, duintasuna preskribatuta dago. Hitz egin dezagun ozen eta indarrez.
Bizitegi
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación, y ofrecer contenidos y publicidad de interés. Al continuar con la navegación entendemos que se acepta nuestra política de cookies
ACEPTAR